Muskizko hiru ikastetxeko LH5eko haurrekin estreinatu dituzte gaur, demo batean, azken aldi honetan komentagai izan diren LH5eko ordenagailu ospetsu horiek. Sustatuk bertatik bertara ikusi ditu eta, bai, abiatze bikoitza daukate, eta gainera, gaurko demoan, Ubunturekin ibili dira, euskaraz lokalizatutako interfazeetan.
Gaurko demoa Muskizko Gazte Gunean antolatu dute, eta Hezkuntza saileko teknikariekin batera, herriko hiru ikastetxeko LH5eko haurrak izan dira, 10 urteko neska-mutilak. Bi ikastetxe publikoak izan dira, Muskiz Ikastola eta Cantarrana eskola, eta bestea pribatua, San Juan ikastetxea. Sustatu ere bertan izan da gaur, kuriositateak eramanda.
Lizitazio pleguan Microsoft etxearen Windows softwarea besterik aipatzen ez zen arren, azkenean Hezkuntza Sailetik emandako azalpenak egiaztatu egin dira, eta gaur eta bihar demo honetan erabili dituzten ordenagailuak abiatze bikoitza daukate: Windows XP eta Ubuntu. Ordenagailu eramangarri txiki batzuk dira, OLPC baten tamainakoak, eta gaur erabili dituztenek Telefonica enpresaren pegatak zeuzkaten, ez enpresa hori tartean dagoelako, baizik eta lizitazioa irabazi duen enpresak denbora gutxi izan duelako ordenagailu sorta behar bezala prestatzeko (esleipena joan den astekoa omen da).
Neska-mutilak eta irakasleak, beraz, Ubunturekin ibili dira. Euskarazko interfazearekin, ikusi dugunez, eta Firefox bera ere, euskaraz menuak, eta euskara lehenetsita nabigazio hizkuntza bezala. Windows-arekin ez omen dituzte abiatu ere egin ordenagailuak, esan digutenez. Baina aprobarako geuk egin dugu, eta euskarazko instalazioa zeukatela ikusi dugu, LIP paketea ezarrita. Horrez gain, beste softwarerik ez omen daukate. Microsoft Office lizentziak erosi ziren, baina makinetan ez dela MS Office sartuko esan digute gaur Hezkuntza sailean Eskola 2.0 programan lanean dihardutenek. Ofimatikarako, hortaz, OpenOffice erabiliko dute. MS Office-ren lizentziak erosi izana Microsoftekin pakete merkeagoak lortzeko akordioagatik esplikatzen dela esan izan du Hezkuntza Sailak.
Arbel digitala eta ordenagailuen armairu berezia
Ordenagailuez gain, arbel digitala ere ikusi dugu. Haurrak txoratzen ibili omen dira honekin, denek nahi zuten ukitu. Arbela ere ordenagailu batera lotua zegoen, eta han ere Ubuntu zebilen. GIMP ilustrazio programarekin eta Google Maps-ekin nabigatzen ibili direla jakin dugu.
Muskizko Gazte zentroan osatu den behin-behineko ikasgelan horniketa honen parte den beste osagarri bat ikusi dugu: ordenagailuentzako armairuak. Ikastorduak edo erabilpen-orduak amaitzean, ordenagailuak bertan sartzen dira, errekargatzeko, eta itxi egiten dira armairu horiek.
Armairuen lehen loteak, ordea, arazoa du: ordenagailu bakoitzari dagokion apal-zirrikitua txikiegia da: argazkian ikus dezakezue goian kabitzen direla, bai, baina doi-doi eta hori zuzendu egin behar dute. Urtarrilerako, ikastetxeetan ordenagailuak benetan ezartzen hasten direnerako, konponduko da hau, esan digutenez.
Bihar goizean ere jarraituko du demoak, leku berean, 9.30etatik 12.30etara.